BEASTIE BOYS

BEASTIE BOYS

70. hamarkada amaieran AEBetako New York hiriko auzo beltz txiroetan sortzen da rap musika. Garai hartan kaleko gazteen boza zena urteen poderioz salmenta gehien dituen musika estiloan bilakatu da. Urteetako eboluzio hori ulertzeko ezinbestekoak diren talde eta izen propioen artean, pisu haundia du Beastie Boys taldeak. 1981ean sortu eta estudioan grabatutako bost diska arrakastatsu kaleratu eta gero orain, 2004. urtean “To The 5 Boroughts” izeneko grabazio berriarekin datoz. 


Gutxi dira musika munduan hogei urte irauten dutenak eta gutxiago oraindik, arrakasta izan eta gero hasieratik izan duten estiloari eusten diotenak. Musika industrian ohikoagoak dira egun batetik bestera sortu, saldu eta desagertzen diren proiektuak eta ezin ahaztu dezakegu, gaur egun, rap musika, salmentei dagokionez zerrenden lehen postuetan dagoela. Gaur egun egiten den rap musikak ez du duela hogei urte egiten zenarekin inungo zerikusirik eta hori normala da, Beastie Boys taldearen bilakaera berriz ez da batere “normala” (zorionez esango genuke guk). 



Hardocore rap 

1981ean Adam Yauch “MCA” baxularia, Kate Schellenbach baterijolea, John Berry “Big Fat Love” gitarjolea eta Mike Diamond “Mike D2 abeslaria elkartu eta lehen grabaketak egiten dituztenean rap musika ghettoetako musika da oraindik. Garai hartan punk eta hardcore doinuek arrakasta haundiagoa dute eta Beastie Boys taldearen lehen grabaketak estilo horietara zuzentzen dira. Energia hutsa dira. Beastie Boys taldea berezia da zentzu askotan baina dituen ezaugarrien artean rap eta hardcore estiloen artean egindako ibilbidea dago, bi estiloen artean zubiak eraikitzen maixu izana alegia. 1986ean, taldean aldaketa batzuk eman eta hainbat maxi grabatu eta gero, lehen iraupen luzea kaleratzen dute “Licenced To Ill” izenekoa. Zazpi aste eman zituen salmenta lehen postuetan eta 80. hamarkadan bost milloi diska baino gehiago saltzen zituen lehen rap diskoa izan zen. Hortik aurrera etorriko ziren Paul´s Boutique (1989), Check Your Head (1992), Ill Comunication (1994), Hello Nasty (1998) eta orain kaleratzen duten To The 5 Borroughs eta azken hau kenduta (jakiteko goiz da oraindik), aurrekoekin arrakasta haundia lortu dute (interpretazioak interpretazio). 


Izaera propioa 

Irudi, topiko eta posez gainezka dagoen rap musikaren mundu (kapitalista) honetan gutxi dira marketing kanpainen gainetik izaera propioa izan eta denboran zehar mantentzea lortzen dutenak. Beastie Boysen izaeraren parte dira zuzenean eskeintzen dituen emanaldiak. Rap musikan ohikoa ez den arren musikariekin osatutako taldea da eta horrek zuzenean indar berezia ematen die kantuei. Jakina da Beastie Boys taldeak Tibet herriaren askatasun borrokari dion atsekimendua eta horren erakusgarri dira, 1996 urtetik antolatu dituzten Tibetan Freedom Concert izeneko jaialdiak. Urtero milaka lagun biltzen dituen jaialdi hauetan estilo desberdinetako musika taldeak biltzen dira Txinatar gobernuak Tibeten burututako okupazioa salatzeko. 
Izaera horren parte izan dira Grand Royal izenarekin taldeak 1993an sortutako magazine eta disketxea nahiz eta azken hau, urteetan Beastie Boys edota Luscious Jackson bezalako taldeen diskak kaleratu eta gero, salgai jarri behar izan duten orain. 

Beastie Boys live Servia 2007. Muntiaren egilea: WikiLaurentCC BY-SA 3.0


To the 5 Boroughs 
Disketxerik gabe baina grabazio estudioa dute 2002. urtetik, Oscilloscope Laboratories, Manhattanen dago eta bertan grabatu dute diska berria. Oraingoan, aurrekoetan baino zuzeneko instrumentazio gutxiago erabili dute. Dirudienez, 2001. urtean New York hirian eman zituzten New Yorkers Against Violence kontzertuetan instrumentazio gutxiago erabiltzea erabaki zuten, platoak eta mikrofonoa, rap klasikoaren erara eta emaitzarekin gustora geratu eta gero, orain diska grabatzerakoan gehienbat programazioak, platoak eta mikrofonoa dira gehien erabilitakoak. Diska berria aurkezteko, prentsako jendearentzat bereziki, hainbat kontzertu eskeini dituzte eta orain, udarari begira, mundu osoko jaialdietan barrena ibilidko dira kantu berriekin. 



ARITZ SOUND SYSTEM